Isaac Santesteban Sánchez - Nafarroako Artxibo Garaikidea
Isaac Santesteban Sánchez
ERREFERENTZIA-KODEA
ES/NA/ACN/6/252
IZENA
Isaac Santesteban Sánchez
NOIZTIK NOIZ ARTEKOA
1924-2006
DESKRIBAPEN-MAILA
Funtsa
BOLUMENA
• 508 dokumentu
• 11 bideo
• 20 kasete-zinta
• 6 kartel
• 20 mapa
• Liburutegia
EKOIZLEA
Isaac Santesteban Sánchez
LABURPEN BIOGRAFIKOA
Isaac Santesteban Sánchez Iruñean jaio zen, 1929an, eta Argarai kolonian eman zituen bizitzako lehen urteak.
1948an, Iturralde Taldea sortu zuen lagun batzuekin. Talde horrekin, Nafarroako karsta arakatu zuen 1955era arte, eta gero eta interes handiagoa sortu zitzaion karsta ikertzeko eta katalogatzeko. Eskalatzaile eta eskiatzaile ere bazen. Hasieran, besoen indar hutsez jaisten zituen leizeak, espartzuzko sokak baliatuta, baldintza gogorretan eta oso baliabide gutxirekin.
Gerora, Frantziako modeloekin gustura ez, eta altzairu galvanizatuzko lehen mailak diseinatu eta fabrikatu zituen, arrakastaz fabrikatu ere.
1950 eta 1955 urteen artean, garai hartako esplorazio garrantzitsuena izanen den kanpainako ekipoekin jardun zuen; Ormazarretako leizea (Aralar mendilerroa) esploratu zuen kanpainan, hain zuzen. Azken sifoiraino iritsi ziren (–402 m), eta, horrekin, Espainian inoiz erdietsi diren sakonera handienetan bigarrena lortu zuten; lehena, Lepineux leizea, deskubritu berria izaki (Ernaz mendateko sarean). 1953an, Nafarroako Foru Diputazioko Vianako Printzearen Instituzioak Espeleologia Atal berria sortu zuen. Horrela, Iturralde Taldea desagertu, eta kide guztiak atal hartara pasatu ziren. Isaac, horrenbestez, Nafarroako lurrazpiko ondarea biltzen eta katalogatzen aditu bihurtu zen.
1954an eta 1955ean, Larrara egindako bi espeleologia-espedizio garrantzitsutan parte hartu zuen, eta, besteak beste, Etxaleku leizea arakatu zuen, Espainian lehen aldia izanik Nafarroako eta Euskadiko esploratzaile batzuk munta horretako elurtegi bertikal batean barneratzen zirena. 1956an, motorra hartu, eta Grenobleraino (Frantzia) joan zen Félix Ruiz de Arcauterekin. Han, Gouffre Berger gunearen esplorazioan hartu zuten parte. –700 m-ko kotaraino jaitsi ziren; espainiarrek garai hartarako lortua zuten kota sakonenetako batera (G.E. Edelweiss talde burgostarreko kide batzuk tartean zirela). Kanpaina hartan, munduko sakonera-marka hautsi zuten, lehenengo aldiz –1000 m-ra iritsita.
1960tik aurrera Ernazko leizera egin ziren nazioarteko espedizioetan ibili zen. Kanpaina astunak izan ziren; hamaika egun baino gehiagoko egonaldia egin behar izan zuten lurrazpiko kanpalekuetan, garai hartako material eskasek larriagotutako egoera latzean.
Donostian 1947an sortu zen Aranzadi Zientzia Elkartearen lehen bazkideetako bat izan zen. Aita Jose Migel Barandiaranekin zenbait arkeologia-indusketatan jardun zuen, eta Hego Euskal Herriko espeleologiako jardunaldi batzuk antolatzen lagundu zuen: Urbasa 1957an, Larra 1960an eta Aralar 1979an. 1966an, Félix Ruiz de Arcaute eta Juan María Peñuelarekin batera, Nafarroako espeleologiako taldearen ordezkari gisa, ARSIP (Association pour la Recherche Spéléologique Internationale à la Pierre Saint Martin) nazioarteko erakundea sortu zuen, Larrako mugaz gaindiko mendiguneko eta inguruetako esplorazioak kudeatzen dituen elkartea.
Isaac Santesteban Larrako Natur Erreserbako araudiaren koeditore izan zen, eta espeleologia zientifikoa eta lurrazpiko esplorazioa lehen aldiz aipatzen zituen bertan, helburu gisa.
1973an, Nafarroako Foru Diputazioko Herri Lanetako Zuzendaritzak hidrologiako aditu gisa kontratatu zuen. Espainiako estatuko lehen espeleologo profesionala bihurtu zen horrela. Une horretatik aurrera, probintziako espeleologia-katalogoa sortzen jardun zuen batez ere.
1974an, ezinbestekoa den lan bat argitaratu zuen: 20 años de espeleología en Navarra. 1980an, Espeleología en el País Vasco monografian eta Catálogo Espeleológico de Navarra katalogoan parte hartu zuen, non biltzen baitira Vianako Printzearen Institutuko taldeak 1953tik 1979ra egindako lanak. 1982an, bi ekitaldi hauek antolatzen jardun zuen: Larra 82 - Karstari buruzko bilkura monografikoa eta Larrako espeleologia-plangintzari buruzko jardunaldiak.
1992an, Carlos Acazekin batera, Catálogo espeleológico de Navarra argitaratu zuen, eta, 2006an, Memorias de un espeleólogo, non laburtzen baitu 50 años de exploraciones en Navarra.
1996an hartu zuen erretiroa, baina datu historikoak eta arkeologikoak biltzen jarraitu zuen. Argitaratu gabeko 15 ale mekanografiatu osatu zituen karstari eta Nafarroako zenbait gairi buruzko ikerlan eta oharrekin, askotariko diziplinatakoak, hala nola mitologia, antropologia eta antzinako erlijioak.
2016an, Kataluniako lagun espeleologoen omenaldi berezi bat jaso zuen, eta Sarawakeko Ohorezko Kide izendatu zuten.
2022ko urriaren 1ean zendu zen.
HISTORIA ARTXIBISTIKOA
2024ko otsailaren 5ean, Isaac Santesteban Sánchezen familia harremanetan jarri zen Artxibo Garaikidearekin, Isaacen funts pertsonala, familia-egoitzan gordea, dohaintzan emateko. Hil horretako 20an, Superser antzinako fabrikaren eraikinera (Cordovilla) eraman ziren funtsak, Artxibo Garaikidera.
Funts profesionalak, berriz, 2016an eman zizkion Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Artxibo Nagusiari.
Nafarroako Filmotekan, Isaac Santestebanek emandako film-materialak daude.
EDUKIA
Funtsetan, batez ere hauek daude: dokumentazio pertsonala, gutunak, familia-argazkiak eta, haren intereseko beste gai batzuen artean, espeleologia, geologia edo hidrologiako ikerlan eta argitalpen batzuen bilduma interesgarria. Haren jarduera profesionalari buruzko dokumentazioa ere badago; zati handi batean agirien kopiak dira.
OSAERA
252 ISAAC SANTESTEBAN SÁNCHEZ
- 252.01 Dokumentu pertsonalak
- 252.01.01 Dokumentu pertsonalak
- 252.01.02 Korrespondentzia pertsonala
- 252.01.03 Argazki eta diapositiba pertsonalak
- 252.02 Lanbide-jarduerak
- 252.02.01 Dokumentu profesionalak
- 252.02.02 Korrespondentzia profesionala
- 252.02.03 Espedizioen egunkariak eta agenda profesionalak
- 252.02.04 Espeleologia, geologia, hidrologia, meatzaritza eta toponimiako txostenak
- 252.02.05 Ikastaroak, Biltzarrak eta Jardunaldiak
- 252.02.06 Jardueren memoriak
- 252.02.07 Espeleologiako argazki-materiala eta ikus-entzunezkoena (argazkiak, negatiboak, kontaktuak, diapositibak)
- 205.02.08 Bere argitalpenak eta argitaratzeko materialak
- 252.02.09 Inbentarioak, zerrendak eta katalogoak
- 252.03 Bere liburutegia
- 252.03.01 Egunkari eta aldizkarietako artikuluen fotokopiak eta zatiak
- 252.03.02 Espeleologiako aldizkariak eta liburuxkak
- 252.03.03 Beste herrialde batzuetako espeleologiari buruzko txostenak
- 252.03.04 Kartografia
- 252.03.05 Espeleologia, geologia eta hidrologiari buruzko tesiak, ikerlanak eta argitalpenak
- 252.03.06 Kartelak eta horma-irudiak
ESKURATZEKO BALDINTZAK
Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Arxtiboei, Dokumentu Kudeaketari eta Dokumentu Ondareari Buruzkoa maiatzaren 20ko 9/2026 Foru Legearen IV. Tituluan ezarritakoa.
DESKRIBAPEN-TRESNAK
Inbentarioa Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta hango aretoan kontsultatu daiteke.


