Fernando Redón Huici - Nafarroako Artxibo Garaikidea
Fernando Redón Huici
ERREFERENTZIA-KODEA
ES/NA/ACN/6/232
IZENBURUA
Fernando Redón Huici
NOIZTIK NOIZ ARTEKOA
1895-2016
DESKRIBAPEN-MAILA
Funtsa
BOLUMENA
• 845 dokumentu-unitate
• 5 argazki-bilduma
• 43 disko trinko
• 44 monografia eta aldizkari
• 34 plano
• 83 kartel
• 209 liburu
• 50.000 diapositiba inguru
EKOIZLEA
Fernando Redón Huici
LABURPEN BIOGRAFIKOA
Fernando Redón Huici (1929-2016) XX. mendeko nafar arkitekto garrantzitsuenetako bat da, eta funtsezko figura da Nafarroako bizitza kulturalean. Iruñean jaio zen 1929ko abuztuaren 31n, ingeniaritza-arloarekin eta kulturarekin lotura handia zuen familia dirudun batean, bere aita nahiz aitona bide, ubide eta portuetako ingeniariak izan baitziren.
Lehen hezkuntza maristen ikastetxean ikasi zuen, non nabarmendu zen marrazketarako eta pinturarako zuen trebetasunagatik. Hasiera batean Arte Ederrekiko zaletasuna zuen arren, azkenean arkitektura ikasi zuen, bere aitak hala erabakita. 1947an, Zaragozan errebalida gainditu ondoren, Madrilera joan zen Arkitektura Eskolarako sarrera prestatzeko. Bartzelonan hasi zituen ikasketak eta Madrilen bukatu 1957an; bertan, doktoregoa lortu zuen 1968an.
Familiarekiko loturak eta Nafarroarekiko konpromisoak Iruñera ekarri zuten berriro, eta Iruñean garatu zuen bost hamarkada baino gehiagoko ibilbide profesional gehiena. Arkitekto eta barne-diseinatzaile gisa egindako lanaz gain, zeregin nabarmena izan zuen Nafarroako kulturaren arloan. 1979tik 1983ra bitartean Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeko aholkularia eta zuzendaria izan zen, eta, geroago, Kultura Ministerioko aholkularia.
1980ko hamarkadatik aurrera, arkitekturarekin batera argitalpen-diseinuan aritu zen, eta Nafarroako ondare artistiko eta naturalari buruzko liburu asko argitaratu zituen. Aldi berean, irakasle aritu zen Iruñeko Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen Eskolan (1981-1986) eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan (1967-1991).
Laurogeita hamarreko hamarkadan zehar bere proiektu garrantzitsuenetako batzuk gauzatu zituen, hala nola Iruñeko Alde Zaharra oinezkoentzat egitea edo Sevillako Erakusketa Unibertsalerako Nafarroako Pabilioia diseinatzea 1992an. 1995ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko lehen buru izendatu zuten, eta, ondoren, hautatu, eta kargu hori bete zuen 2006ra arte.
2000ko hamarkadan, Redónen arkitektura-jarduerak behera egin zuen pixkanaka-pixkanaka, eta 2008an baja eman zuen Arkitektoen Elkargo Ofizialean. Orduz geroztik, pinturan, argazkilaritzan eta diseinu grafikoan ibili zen buru belarri, eta erakusketak antolatu zituen hainbat hiritan, Londresen eta Iruñean, besteak beste. Halaber, kultura- eta gizarte-entitateetan parte hartu zuen, esate baterako Erruki-etxean, Jorge Oteiza Fundazio Museoan eta Iruñeko Ganbera Abesbatzan.
Bat-batean hil zen 2016ko azaroaren 15ean. Ibilbide profesional luzeagatik eta artearekin eta kulturarekin izan zuen konpromisoagatik, hainbat aintzatespen jaso zituen, besteak beste honako hauek: Nikon Nazioarteko Lehiaketaren bigarren saria (1979), Vianako Printzea Kulturaren Saria (2004) eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Urrezko Plomua (2015).
HISTORIA ARTXIBISTIKOA
2021aren hasieran, Redón Castiella familia harremanetan jarri zen Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuarekin, eta adostu zuten legatua gordetzeko tokirik onena Nafarroako Artxibo Garaikidea zela, Funts Garaikideen proiektuaren esparruan.
Dokumentu-funtsaren balioa ukaezina zen, Redónek arkitekto eta artista gisa izandako ibilbideagatik ez ezik, haren konpromiso zibikoagatik eta bizitzan zehar Nafarroan garatutako ekimen publiko ugaritan parte hartzeagatik ere.
Dohaintzarako akordioa sinatu ondoren, 2021eko ekainean, Nafarroako Artxibo Garaikideko teknikariak Redónen etxera joan ziren materiala lekuz aldatzeko. Material hori ukitu gabe zegoen bat-batean hil zenetik, eta, hala, egileak utzi zuen bezala jarraitzen zuen.
Funtsaren artxibo-tratamendua hainbat fasetan egin zen 2022ko urritik 2024ko abendura bitartean.
EDUKIA
Fernando Redón Huiciren legatua arkitektoaren lanaz haratago doa; izan ere, lan handia egin zuen beste hainbat arlotan, hala nola pinturan, argazkigintzan eta argitalpenetan. Halaber, talentu nabarmena zuen diseinu grafikoan, eta asko inplikatu zen kultura-erakundeetan. Dokumentuen, marrazkien, argazkien, korrespondentziaren eta argitalpenen bidez, dokumentu-funtsak ibilbide plurala islatzen du, artistaren haurtzaroko lehen zirriborroetatik hasi eta haren jaioterriko erakundeek emandako aintzatespenik handienak biltzeraino.
Funts hau Nafarroako Unibertsitatean gordeta dagoen lanbide-funtsaren osagarria bada ere, proiektu arkitektonikoei buruzko dokumentazio asko ere badu. Horien artean hauek nabarmentzekoak dira: familia bakarreko etxebizitzak Gorraitzen; merkataritzako lokalak, hala nola Delicatessen Demetrio; hotelak Orbaibarren eta Larragan; Pago de Larrainzar upategia edo Iruñeko La Perla hotelaren zaharberritzea. Halaber, informazio garrantzitsua jasotzen du hiriko azpiegitura esanguratsuetan izan zuen inplikazioari buruz, Erruki-etxearen zezen plazan, besteak beste; bertan, txosten teknikoak, ebakuazio-planak, kudeaketa ekonomikoa eta komunikazio-proposamenak aurki daitezke.
1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsalerako Nafarroako Pabilioiari buruzko dokumentazioak aipamen berezia merezi du, katalogoak, artikuluak, argazkiak, korrespondentzia instituzionala eta prentsako materiala barne hartzen baititu.
Arkitekto ibilbidearekin batera, Redónek arte plastikoekin eta argazkigintzarekin zuen pasio handia landu zuen. Funtsean, honelako gauzak daude: arkatzez eta lumaz egindako zirriborroak, haurtzarotik helduarora bitarteko marrazkiak, oharretarako koadernoak, koadroetarako argazki-ereduak eta, besteak beste, Londresen, Bartzelonan eta Iruñean egindako erakusketen dokumentazioa. Redónen olio-pinturek eta akuarelek hiriko eta naturako paisaiak, barnealdeak, natura hilak, zezen-eszenak, erretratuak eta munduaren ikuspegiak irudikatzen dituzte; dozenaka argazkik, berriz, bilakaera tekniko eta espresibo nabarmena islatzen dute.
Dokumentazioak, halaber, bere artelanak ezagutarazteko ahalegina erakusten du: galeriei eta bildumagileei bidalitako korrespondentzia, aurkezpen-testuen ingeleserako itzulpenak eta erakusketa-proiektu garrantzitsuen erregistroak, hala nola Iruñeko Ziudadelako antologia edo Obra zibikoa erakusketa Nafarroako Parlamentuan; horiek guztiek arlo publikoarekin konprometitutako sortzaile gisa utzi digun legatua nabarmentzen dute.
Sormen grafikoa hainbat formatutan adierazi zuen: ardotarako etiketak, logotipoak, Eguberrietako txartelak, egutegiak, katalogoak eta mapa ilustratuak. Altzariak eta gai zehatz bati lotutako zapiak ere diseinatu zituen erakunde, merkataritza-lokal edo jatetxe ospetsuentzat, hala nola Tafallako Túbal jatetxearentzat.
Irakaskuntzaren eta argitalpenen arloan, funtsak honako hau jasotzen du: hark editatutako argitalpenak –Paseos naturalísticos edo Navarra. Historia y Arte–, Nafarroako Unibertsitateko irakasle-laneko materiala, lan akademikoak, Redónek berak eskuz zuzendutakoak, eta hitzaldietarako testuak, non hausnarketa egin baitzuen hirigintzari eta arkitekto-ogibideari buruz. Argitaratzaile gisa, Nafarroako nortasuna, artea eta historia txertatzen zituzten argitalpenak bultzatu zituen, eta hainbat gai jorratu zituen, hala nola Erdi Aroko urregintza eta Nafarroako paisaiaren aireko bistak, eguneroko gaiak eta herrikoiak ahaztu gabe, errezetei buruzko liburuekin, hegazti-atlasekin eta gida ekologikoekin.
Era berean, dokumentu-funtsak sormen aniztasunak eta bokazio zibikoak markatutako ibilbidea adierazten du, non Redónek bateratu ahal izan baitzituen artearekiko sentsibilitatea eta zerbitzu publikoa proiektu guztietan. Nafarroako hiri-garapenarekin, kultura-kudeaketarekin eta gizarte-memoriarekin konprometitutako arkitekto, diseinatzaile eta pentsalari gisa utzi zigun legatua agerikoa da funtsezko erakundeetan, besteak beste, honako hauetan: Jorge Oteiza Fundazio Museoan –non hainbat programa bultzatu baitzituen, hala nola Escultores sobre escultura–, Iruñeko Alde Zaharreko edo Lizarrako Foruen Plazako hirigintza proiektuetan, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean, haren parte-hartze aktiboagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan –non Gizarte Kontseiluko burua izan baitzen– edo Iruñeko Ganbera Abesbatza elkartean.
Aintzatespen publikoa jaso zuen; horren isla dira askotan egin zitzaizkion omenaldiak, goraipenak eta Vianako Printzea Kulturaren Sarirako atxikipenak. Sari hori 2004an jaso zuen. Aintzatespen horren ondorioz balio handiko dokumentu-multzoa dago: dekretu ofizialak, zorion-gutunak, hitzaldiak, ekitaldiko argazkiak eta komunikabideetako dokumentu asko –prentsa- eta -aldizkari-artikuluak eta memoria pertsonalak–. Horiek guztiek Nafarroak artistarekiko duen maitasuna eta aintzatespena berreraikitzen laguntzen dute.
Funtsean korrespondentzia pertsonal eta profesionalaren bilduma handi bat dago, bai eta testu autobiografikoak, omenaldiak eta familiaren oroitzapen grafikoak. Narbarmentzekoak dira Nafarroan eta mundu osoan zehar (Egipto, Tirol..) egin zituen bidaiei buruzko argazki- eta diapositiba-bildumak; horietan, monumentuetako bistak, eszena kostunbristak eta familia-erretratuak konbinatzen dira. Garrantzitsua da, halaber, bere arbasoei buruzko dokumentazio grafikoa, bereziki Huici familiari buruzkoa; dokumentazio grafiko horretan garrantzi berezia du Gerra Zibileko (1937) Ipar Fronteko irudiak jasotzen dituen bilduma batek.
Oro har, funts hau obra polifazetiko baten lekukotza da, eta Fernando Redón Huiciren erretratu integrala eskaintzen du. Haren begirada artistiko eta etikoak aztarna sakona utzi zuen gaur egungo Nafarroan. Horrela, dokumentazioak Redónen zeregin askotarikoa islatzen du: arkitektoa, diseinatzailea, artista, sortzailea, kultura-sustatzailea, irakaslea, editorea, bidaiaria eta herritar konprometitua; baina, batez ere, bere garaiko lekukoa izan zela eta Nafarroako lurraldea sakon ezagutzen zuela adierazten du.
ANTOLAKETA
232. FERNANDO REDÓN HUICI FUNTSA
- 232.01 IDENTIFIKAZIOA ETA ANTOLAKETA PERTSONALA
- 232.01.01 Banakako identifikazioa
- 232.01.02 Familia- eta genealogia-lotura
- 232.02 PERTSONA ARTEKO HARREMANAK
- 232.02.01 Familia-harremanak
- 232.02.02 Harreman sozialak eta adiskidetasun-harremanak
- 232.03 ONDASUNEN ETA BALIABIDEEN KUDEAKETA
- 232.03.01 Ondasun higigarrien eta higiezinen kudeaketa
- 232.03.02 Ekonomia- eta finantza-baliabideen kudeaketa
- 232.04 AISIAREN ETA JARDUERA SORTZAILEAREN KUDEAKETA
- 232.04.01 Aisiaren eta zaletasunen kudeaketa
- 232.04.02 Sormen-jardueraren kudeaketa
- 232.05 PRESTAKUNTZA-JARDUERAREN KUDEAKETA
- 232.05.01 Ikaskuntzaren garapena
- 232.05.02 Prestakuntza egiaztatzea
- 232.06 JARDUERA PROFESIONALAREN KUDEAKETA
- 232.06.01 Arkitektoa
- 232.06.02 Pintorea
- 232.06.03 Argazkilaria
- 232.06.04 Irakaslea
- 232.06.05 Editorea
- 232.06.06 Diseinatzaile grafikoa
- 232.06.07 Vianako Printzea erakundeko zuzendaria
- 232.06.08 Lanbide-jardueraren aitorpena
- 232.06.09 Asoziazionismoa eta ordezkaritza profesionala
- 232.07 PARTE-HARTZEA, PROIEKZIOA ETA EKARPEN SOZIALA
- 232.07.01 Ordezkaritza-jarduera
- 232.07.02 Parte-hartzea eta ekarpen soziala
- 232.08 LIBURUTEGIA
- 232.08.01 Liburutegia
ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK
Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Arxtiboei, Dokumentu Kudeaketari eta Dokumentu Ondareari Buruzkoa maiatzaren 20ko 9/2026 Foru Legearen IV. Tituluan eta Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa.
DESKRIBAPEN-TRESNAK
Inbentarioa Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta hango aretoan kontsulta daiteke.
LOTUTAKO DESKRIBAPEN-UNITATEAK
Fernando Redónek dohaintzan eman zuen 2000. urtean bere lanbide-artxiboa, arkitekto-lanari eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakasle-lanari dagokiena. Gaur egun, funts hori Nafarroako Unibertsitateko Artxibo Nagusian gordetzen da, non dokumentazioa Redondoc datu-basearen bitartez kontsulta daiteken. Artxibo hori haren ekoizpen profesionalaren funtsezko zatia da, eta osatzen du Fernando Redónen funtsa, zeinak erakusten baitigu haren dimentsio artistiko, kultural eta pertsonala.
ARGITALPEN-OHARRA
CRISTOBAL URBICÁIN, Ana (2023). Tratamiento archivístico de los archivos personales. El Fondo Fernando Redón Huici en el Archivo Contemporáneo de Navarra [Master bukaerako lana]. Madril: Madrilgo Unibertsitate Complutensea https://docta.ucm.es/bitstreams/9e2f4dea-5ea5-4659-8200-6789325cda52/download
ERREFERENTZIAK
NAFARROAKO UNIBERTSITATEKO ARTXIBO NAGUSIA (d.g.). Fernando Redónen funts pertsonalaren deskribapenaren fitxa. Nafarroako Unibertsitateko artxibo nagusia. Funts pertsonalak. https://hdl.handle.net/10171/60167
FERNÁNDEZ SALIDO, Luis Manuel (2006). Fernando Redón Huici, arquitecto. Iruña: Nafarroako Gobernua. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua.


