Familia Lasa Aristu - Nafarroako Artxibo Garaikidea
Familia Lasa Aristu
ERREFERENTZIA KODEA
ES/NA/ACN/6/239
IZENBURUA
Lasa Aristu familia
MUTURRETAKO DATAK
1800-2023
DESKRIBAPEN MAILA
Funtsa
BOLUMENA
EUSKARRI ANALOGIKOA
-
209 dokumentu
-
17 espediente
-
61 argazki
-
103 liburuxka
-
50 aldizkari
-
95 liburu
-
2 irudi-orri
EUSKARRI DIGITALA
-
1.595 dokumentu eta argazki
-
elkarrizketa bat (audioa)
-
4 bideo
EUSKARRI MAGNETIKOA
- 8 kasete-zinta
EKOIZLEA
Lasa Aristu familia
LABURPEN BIOGRAFIKOA
Luis Maria Lasa Urtasun (Luis Mari) Iruñean jaio zen 1930. urtean. Aita igeltseroa zuen eta ama etxeko andrea. Lau senide izan zituen; denak, gurasoak eta senideak, berak 17 urte bete aurretik hil ziren.
Francisca Aristu Aristu (Paquita) Agoitzen jaio zen 1930. urtean. Aita nekazaria zuen eta ama etxeko andrea. Hamar senide ziren eta bera zazpigarrena zen.
Luis Marik merkataritza-ikasketak egin zituen Eskolapioetan eta 17 urtetik erretiratu arte administrari lan egin zuen Aralar eta Ingranasa fabriketan. 18 urte zeuzkala Paquita ezagutu zuen eta 1954an ezkondu ziren. Gazte-gaztetatik izan zuen politikarako joera. Frankismoaren aurka aritu zen. Diktaduran sindikalista, sozialista eta euskaltzalea izan zen. 1949an legez kontrako propaganda nazionalista edukitzeagatik atxilotu zuten eta Iruñeko kartzelan sartu zuten. Luze gabe behin-behineko askatasunarekin irten zen. 1956an epaitu zuten eta urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Luis Mari epaitu zutenean berak eta Paquitak bi haur zeuzkaten. Ez zuen zigorra bete, indultu orokorra eman baitzuten.
Ume-umetatik, Paquita amonaren etxera joan zen bizitzera, Aristuko (Urraulgoiti) Zirikoenera. 10 - 14 urte bitartean oinarrizko ikasketak egin zituen. Agoitzen ikasten eman zituen lau negu-udaberriak izan ezik, Aristun bizi izan zen 16 urte bete arte. Orduan Iruñera joan zen neskame. 1948an Luis Mari ezagutu zuen eta ezkongai-aldian haren ibilera politiko guztiak bizi izan zituen. 1954an ezkondu ziren, 24 urte zeuzkatela.
60ko hamarkadaren erditik senar-emazteek ETAri lagundu zioten. Burgosko Epaiketaz geroztik urruntzen hasi ziren eta 1972rako erabat bereizi ziren, ez baitzeuden ados erakunde terroristaren indarkeriarako bilakaerarekin.
1963rako 5 haur zeuzkaten, eta Paquitak denbora asko eman behar izaten zuen haiek zaintzen, batez ere poliomielitisa zeukana. 44 urterekin lanean hasi zen.
1965ean Iruñeko lehen ikastolan hasi zen, Uxue ikastolan (geroago San Fermin Ikastola bihurtu zen). Luis Mari ikastola hartako lehen zuzendaritza batzordeko kidea izan zen. Arlo ekonomikoaren ardura zeukan. 1973an, bi irakasle kaleratu ondoren, dimisioa eman zuen. 1972an Agoizko Aralarko San Migel ikastola abian jartzen lagundu zuen. 1974tik aurrera, guraso-talde batean sartuta, Sociedad Cooperativa Ikastola San Juan de Pamplona sozietatea eratzen lagundu zuten. Urte batzuk geroago, 1981ean, sozietate hark Iruñeko Udal Ikastola sortu zuen.
70eko hamarkadan Paquita buru-belarri ibili zen auzo-batzordeetan. 70eko hamarkadaren erdialdera begirale hasi zen lanean ANFASen (Down sindromea edo bestelako adimen-desgaitasunen bat zuten gazte eta helduentzako lantegi okupazionala), eta bertan jardun zuen erretiratu arte. Alderdi Komunistako militantea izan zen 1976az gero eta Alderdi Sozialistakoa 90eko hamarkadako erdialdeaz gero.
Luis Mari CCOOko sindikalista izan zen 1976tik aurrera eta Nafarroako exekutiban aritu zen zenbait alditan. 1979tik aurrera Euskadiko Alderdi Komunistako militantea izan zen eta 1982tik 1993ra arte Euskadiko Ezkerrekoa. 1998an Nafarroako Alderdi Sozialistan sartu zen.
Biak hil ziren Iruñean, Paquita 2015ean eta Luis Mari 2016an.
HISTORIA ARTXIBISTIKOA
Lasa Aristu familiaren funtsa dohaintza gisa jaso zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2024ko apirilaren 12an. Dohaintzako dokumentuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtsetara pasatu dira, Nafarroako Artxibo Garaikideak Nafarroako Dokumentu Ondarea kontserbatzeko, antolatzeko eta hedatzeko ezarritako arau teknikoei jarraikiz.
Funtsa etxe-aldaketako kutxetan heldu zen Nafarroako Artxibo Garaikidearen instalazioetara. Hasierako antolamendua ez da aldatu.
Familiak hiru entrega egin zituen.
Lehenengoan Luis Mari eta Paquita senar-emazteen dokumentazio politikoa eta sindikala jaso ziren. Horietaz gainera, San Fermin ikastolari buruzko dokumentuak ere baziren.
Dokumentazioa zenbait karpetatan multzokatuta zegoen. Kutxa batean Euskadiko Ezkerraren material soltea zegoen.
Bigarrenean Lasa Aristu familiaren bizitza familiarreko eta pribatuko dokumentuak heldu ziren batik bat, aurrekoak bezala karpeta eta gutun-azaletan multzokatuta.
Bi entrega horietan familiak dokumentuen eta materialen zerrendak eman zituen.
Hirugarren entregan Luis Mari eta Paquitaren seme-alabek beren gurasoei buruzko Cosas de mi vida. Mi vida. Memorias y diarios liburua ekarri zuten.
Tratamendu teknikoan honako lan hauek egin dira:
- Dokumentu-serieak identifikatu
- Dokumentazioa antolatu eta ordenatu
- Dokumentu-unitateak deskribatu
- Sailkapen-taula egin
- Dokumentuak agiritegiko karpetatxo eta kutxa normalizatuetan gorde
- Kutxa bakoitzeko edukiaren inbentarioa egin
EDUKIA
Lasa - Aristu senar-emazteen ideologiaren inguruko dokumentuak. Aipagarria da Espainiako Alderdi Komunistari (PCE), Partido Comunista de Euskadi - Euskadiko Partidu Komunistari (PCE – EPK) eta Euskadiko Ezkerra - Izquierda para el Socialismori (EE) buruzko dokumentazio politikoa. Badago Nafarroako Alderdi Sozialistari (PSN - PSOE) buruzko dokumentazioa ere, baina gutxiago. Besteak beste: afiliazio-txartelak, liburuxkak, aldizkariak, barruko eztabaida-agiriak, biltzarretako dokumentuak, hauteskundeetako propaganda eta Euskadiko Ezkerra sortzeko egin zen biltzarreko zortzi zinta magnetiko.
Multzo honetan Luis Mariren kondenaren inguruko dokumentazioa ere badago (legez kontrako propagandarengatik kondenatu zuten, baina gero indultua jaso zuen).
Dokumentu sindikal gehienak Luis Mari Langile Komisioetako kidea eta horren Nafarroako exekutibako kidea izan zenekoak dira.
Bigarren entregako dokumentuetatik balio berezikoak dira Nafarroako Langile Komisioek (CCOO) 1977an egin zuten lehen biltzarreko eta trantsizio-garaiko manifestazio politiko eta aldarrikapen-ekitaldietako argazkiak dira (paperean).
Luis Mari San Fermin ikastolarekin harremanetan izan zen aldiko dokumentuak daude, batzuk mekanografiatuak eta beste batzuk fotokopiatuak, gehienak 1973koak.
Lasa Aristu familiaren bizitza familiar eta pribatuari dagokionez, Cosas de mi vida. Mi vida. Memoria y diarios liburua aipatu behar da; bertan Paquitaren eta Luis Mariren urteetako idazkiak biltzen dira. Liburu hori ez da argitaratuko. Dohaintza-egunetik 20 urte iragan arte ezin eskuratu izanen da. Aldi hori iragandakoan nornahik aztertzen ahalko du.
Halaber, interesgarriak dira Lasa Aristu familiaren liburu genealogikoa eta hori egiteko Luis Maria Lasak 2001 - 2008 aldian erabili zituen denetariko dokumentuak, bai eta Lasatarren eta Aristutarren zuhaitz genealogikoak ere. Interesgarriak dira, orobat, Luis Mariri 2006an bere iloba Maider Lasa Artiedak egindako bi orduko audio-elkarrizketa, Lasa-Urtasun lehengusu-lehengusinen 1993 - 2006 bitarteko topaketei buruzko dokumentazioa eta korrespondentzia.
Besteak beste, eskaneatutako zenbait familia-argazki eta digitalizatutako dokumentuak daude. Multzo horretan Cosas de mi vida. Mi vida. Memorias y diarios liburua egiteko erabilitako dokumentuak eta argazkiak daude.
Halaber, dohaintzan sartu ziren familiaren liburuetako batzuk: Auñamendi bildumako 54 liburu eta beste batzuk, batez ere euskal kulturari buruzkoak.
ANTOLAKETA
239 LASA ARISTU FAMILIA
- 239.01 IDENTIFIKAZIOA ETA ANTOLAKETA PERTSONALA
- 239.01.01 Banakako identifikazioa
- 239.01.02 Familia- eta genealogia-lotura
- 239.01.03 Bizitza pribatuaren antolaketa
- 239.02 PERTSONA ARTEKO HARREMANA
- 239.02.01 Familia- eta gizarte-harremanak
- 239.03 ONDASUNEN ETA BALIABIDEEN KUDEAKETA
- 239.03.01 Ondasunen eta baliabide ekonomiko-finantzarioen kudeaketa
- 239.04 JARDUERA PROFESIONALAREN KUDEAKETA
- 239.04.01 Luis Maria Lasaren lanbide-ordezkaritza (CCOO) eta bildutako dokumentazio sindikala
- 239.05 PARTE-HARTZEA, PROIEKZIOA ETA EKARPEN SOZIALA
- 239.05.01 Gizartean parte hartzea eta ekarpenak (ikastolak)
- 239.05.02 Luis Maria Lasaren parte-hartze politikoa (PCE – EPK, EE, PSN – PSOE) eta bildutako dokumentazioa
- 239.06 LIBURU-BILDUMA
- 239.06.01 Liburu-bilduma
ESKURATZEKO ETA ERREPRODUZITZEKO BALDINTZAK
Dokumentazioa eskuratzeko eta erreproduzitzeko bete beharko da Arxtiboei, Dokumentu Kudeaketari eta Dokumentu Ondareari Buruzkoa maiatzaren 20ko 9/2026 Foru Legearen IV. Tituluan ezarritakoa.
DESKRIBAPEN TRESNAK
Inbentario hori Nafarroako Artxibo Garaikidean dago, eta areto barnean kontsultatu daiteke.


